Ventana abierta a sugerencias, aportaciones, comentarios, ... que cualquiera de vosotros quiera hacer y mantenga nuestra página dinámica haciéndonos sentir que formamos parte activa y real de este colectivo.
Hitza har dezagun
Helduen Hitzak 55 urtetik gorako 150 lagun biltzen ditu, eta eurek erabakitako edukiekin antolatzen dute bederatzi hileko ikasturtea.
Hitza hartzea eta helduentzako antolatzen diren ikastaroen kudeaketan parte hartzea erabaki zuten 2003an Helduen Hitza sortu zutenek. «Hitza har dezagun», erabaki zuten. Donostian, unibertsitatez kanpo antolatzen diren Esperientzia Eskolako ikasleak ziren, eskola horietan urtebetez bakarrik eman zezaketelako izena, eta eurak gehiago nahi zutelako. Haien lanarekiko esker oneko hitzak besterik ez dituzte Pedro Mari Ziganda elkarteko egungo lehendakariak (65 urte) eta Jose Antonio Erdozia idazkariak (67 urte). Izan ere, egun Helduen Hitza 55 urtetik gorako 150 kidek osatutako elkartea da, urtero bederatzi hilabetez askotariko edukiz eta ekimenez betetako ikasturtea antolatzen duena, arrakasta handiz: aurten ikasturterako 115 ikaslek eman dute izena.
Donostiako Zientzia museoko Felix Ares izan zuten irakasle asteartean eta asteazkenean —egun horietan dira ikastaroak—, eta zientziari buruzko ikastaroa jaso zuten; baina historia, zuzenbidea, artea, ekonomia eta musika ere interesgune dituzte. Izan ere, horixe da Esperientzia Eskolekin edo Gelekin ezberdintzen dituena, eurak direla zein eduki jasoko dituzten erabakitzen dutenak. «Hiru hilean behin inkesta egiten dugu eta jendeari galdetzen diogu zer iruditu zaion aurreko hiruhilekoa, ze iritzi duten irakasleez, edukiez, ordu banaketaren inguruan, faltan botatzen dituzten edukien inguruan… Eta horrekin joaten gara hurrengo hiruhilekoa antolatzen».
Helduen Hitzak antolatutako ikasturteetan matrikulazioa nabarmen ari da igotzen, eta arrakastaren gakoa zein den badakiela dio Zigandak. «Gu geuk antolatzen dugula, guk gustuko ditugun edukiekin. Alegia, ez zaigu kanpotik esaten zer ikasi behar dugun, behetik gorako prozesua da. Eta hori tendentzia berria da, urte asko eta askotan zaharrei beti esan izan zaielako zer egin behar duten: ‘zuek zaharrek hau egin behar duzue’, ‘zaharrari hau komeni zaio’, ‘zaharrek ez luke hau egin behar’… Baina zergatik ez digute uzten guri erabakitzen? Guk badugu iritzia, ez gara irizpide gabeko jendea, erretiratu arte gure bizitzaren jabe izan garen bezala, aurrerantzean ere izaten jarraitu nahi dugu».
Ezberdin zahartzen Adinekoen inguruko politiken eta plangintzen objektu izatetik subjektu izatera pasatu nahi dute, eta bide horretan urrats bat da Helduen Hitza. «Gizarteak eta administrazioak kontuan izan behar dute, gainera, zahartzeko modua asko aldatu dela azken urteetan. Lehen 65 urterekin erretiratzen ziren, bost, sei edo hamar urteren buruan kanposantura joango ziren ustearekin. Orain, erretiroa hartu ostean beste 30 urte bizi zaitezke. Horrek guztiz aldatzen du erretiroari aurre egiteko modua. Lehen hiltzeko erretiratzen ziren, orain bizitzeko». Eta beste 30 urte horiek bizi ahal izateko, Zigandaren arabera, gorputza sano mantentzea bezain garrantzitsua da burua arin eta aktibo izatea. «Guk gauza bera esaten dugu beti: ‘Adineko jendearen etengabeko prestakuntza, berdin osasunez zahartzea’». Adinekoei prestakuntzarako bidea irekitzea, beraz, elkarteko kideentzako onuragarria izateaz gain, gizarte zerbitzu bat dela dio Zigandak. «Horregatik gure kezka nagusietako bat gero eta jende gehiago datorrela gugana, ez dugula inor kanpoan utzi nahi, eta ez dakigula nola egokitu eskaintza», gehitu du Jose Antonio Erdoziak. Helduen Hitzak antolatzen dituen euskara ikastaroez ere harro mintzo da Erdozia. «Lan handia egiten ari gara. 30 bat ikasle gaude. Gu gara ikasle eta irakasle. Euskaldunak diren kideak aritzen dira maisu lanean. Eta gero beste talde batean mintza praktikak egiten ditugu. Eta hori ere gizarte zerbitzu bat da». Baina dena ez da ikastea izango! Ibilaldiak, bazkariak, zinema saioak eta ostegunetako tertuliak harremanetarako oso baliotsu direla dio Erdoziak. «Eta jende hori ezagutzea eta harreman horiek izatea da nik honi atera diodan etekin handienetakoa».
Nazioarteko araudiak
Munduko legedi, araudi eta adierazpen ofizialetan arreta gutxi eskaini zaie adineko pertsonei, haien zaintzari buruzko gaietan ez bada. Piskanaka, ordea, hori aldatzen ari da, eta legedietan ari dira urratsak egiten adineko pertsonak objektu izatetik subjektu izatera pasa daitezen, eurek eskatzen duten moduan.
NBEren ebazpena (1991). «Munduan adineko pertsonen kopurua eta batez bestekoa gero eta handiagoa den ziurtasunaz, gobernuei eskatzen zaie adineko pertsonei, nahiz eta ahal dutenei behintzat, parte hartzeko eta gizarteari euren ekarpena egiteko aukera eman diezaiete, eta adinekoei buruzko plangintza nazionaletan honako printzipioak sar ditzaten: independentzia, parte-hartzea, zaintza, garapen pertsonala eta duintasuna».
Zahartzaroari buruzko Munduko Bigarren Batzarra (2002). «Belaunaldien arteko elkartasuna indartzeko beharra ikusten da, belaunaldi arteko harremana bultzatuko duten elkarteak sortzekoa, helduenen eta gazteenen beharrizanei erreparatuz».
Zahartzeari Buruzko Nazioarteko II. Ekintza Plana (2002): «Plan honen helburua herritar orori duintasunez eta segurtasunez zahartzeko eskubidea bermatzea da, eta adineko pertsona guztiek euren gizarteetan parte hartzen jarraitu ahal izatea, eskubide ororen jabe diren subjektu bezala».
Europako Parlamentuaren eta Batzordearen ebazpena (2006): «Pertsona guztiek dute tratu berdina jasotzeko eskubidea, euren jatorria, sexua, arraza, erlijioa, sinismena, ezintasuna, adina edo sexu orientazioa kontuan izan gabe».
NBEren Azterketa Ekonomiko eta Soziala (2007): «Adineko pertsonek gizarteari egin diezaioketen ekarpenari —soziala zein produktiboa— erabateko aitortza eman behar zaio, eta hobeto aprobetxatu. Kasu askotan hori erraztu beharrean, debekatu egiten baitzaie».
Argazki oina: Helduen Hitza elkarteak antolatuta, joan den asteartean zientziari buruzko ikastaroa egin zuten Ernst Lluch kultur etxean.
Erredakzioa - 2011/03/24 Helduen Hitza elkarteak aurkeztu berri ditu, Donostian, ikastaro berri batzuk, Internet helduentzat oso lagun ona izan daitekeela eta erraz erabiltzen dela erakusteko.

Emandako hitzaldi baten irudia.
Helduen Hitza elkarteak eta NABASIk aste honetan bertan hainbat hitzaldi prestatu ditu 55 urtetik gorako pertsonentzat. Teknologia berrien eta gizarte-sareen erabilerak eguneroko bizitzan zer onura ekar ditzakeen erakustea da ekimen honen helburu nagusia. Donostiako Aieteko Jauregian dagoen Topalekun izan dira hitzaldiak, eta horien ondoren, parte-hartzaileek eskola praktikoak hartzeko aukera izango dute.
"Gaur egun, gure helburu diren pertsonek gizarte-masaren %20 osatzen dute eta gizarte sarea delakora sartzeko aukera eskainiz gero, aztertzeko aukera ematen diegu”, diote antolatzaileek; izan ere, teknologia berrien bitartez, “gaur egun bakardade eta pesimismo egoeran dauden heldu asko egoera horretatik atera daitezke”.
Ekimen horretan parte hartzen ari diren helduen erantzuna, oro har, “harriduran eta irribarrean” oinarritua da. Arduradunek esandakoaren arabera, “Facebook mundua da interes gehien eragiten diena, mundu osoko jendearekin harremanetan jartzeko aukera, gustatzen zaizkien markak, telebistako saioen edo pertsonaien fans izan”. Halaber, Skype eta Google Earth aukerak ere oso erakargarriak izan dira beraientzat.
Sarea gero eta jende gehiagorengana zabaltzen ari da: “Adineko jendeak ere badu horren berri, eta sare horiek erabiltzeko erraztasuna, etxetik atera gabe horrenbesteko informazioa edukitzeko aukera dela-eta, oso erakargarria bihurtzen da Sarea. Are gehiago, jendea hasi da informazioa, argazkiak eta bideoak jendearekin partekatzen, bai adiskideekin bai ilobekin".
Ordenagailuari beldurrik ez izatea
Teknologia berriak eta Internet helduei hurbiltzeko ikastaroak “praktika errazak izango dira, gizarte sareetan trebatzeko prestatuak”. Bestalde, ekimenaren arduradunek azaldu bezala, “ordenagailuari, Interneti eta teknologia berriei zaien beldurra galaraztea” izango da eskola praktikoen zutabeetako bat.
Horregatik, NABASI eta Helduen Hitza elkartearen asmoa da Internet helduen adiskide bihurtzea, mundu berri bat eskaintzea eta erraz erabil litekeela erakustea. “Gizarte sareen gaiari dagokionez, horien erabilera bultzatuko dugu, eta gustu eta kezka berdinak dituztenak oinarri hartuta, mini sareak sortuko ditugu. Gainera, saiatuko gara adiskideen arteko harremanak bultzatzen, kide bakoitzari gustatzen zaizkion gaietan oinarri hartuta betiere, dena ez dadin ezezaguna izan”.