2025-05-09 08:00
BERDEAK eta ZURIAK
LEZO - GURUTZEKO GAINA - OIARTZUN (ALTZIBAR) (B-13)
14 KM ▲▲▲
Eguna: 2025eko maiatzaren 9an
Ordua: 08:25ean
Irteera: Norteko tren geltokian (Renfe)
Distantzia: 14 km
Zailtasuna: ▲▲▲
AZALPENA
Errenteriara trenez iritsi ondoren, Lezorantz abiatuko gara. Lopenea plazatik zehar abiatu eta industri aldea ezkerretara dugula bidegorritik joango gara. Bukatzen denean, bidegurutzean eskubitara doan bidetik jarraituko dugu eta aurreraxeago ere berdin langa bat zeharkatu ondoren. Laster, “ Xoxolurra” dioten seinale batzuek aurkituko ditugu eta haiei segituz (baina alderantzizko norabidean) ibiliko gara “merendero” bat eta Iriarte erretegia pasa arte. Goitik behera abiatu eta berehala, ezkerretara dagoen bide maldatsutik jeitsi eta Gaintxurizketa azpiko tuneletik gora egingo dugu. Erain eskola, Usategieta hotela, restop ondotik igaro eta autopista gaineko zubitik aurrera jarraituz helduko gara Gurutze gainera. Han, Gurutze berri jatetxearen ondoko pista bidetik aurrera egingo dugu eta Pikoketara doan errepidera helduko gara. Beste aldera pasa eta berehala ezkerreko bidexkatik jarraituz iritsiko gara Arditurriko bidegorrira eta gero azkenik Oiartzungo Altzibar auzora.
GOMENDIOAK
Janzkeraren gomendioaz aparte, ibiltariok nork bere hamaiketakoa eta edaria eraman behar dugu, ibilbidean atseden laburra egingo baitugu gehienetan.
URDINAK eta GORRIAK
Datorren ostiraleko Zumarraga-Azkoitia ibilbidea aldatu beharrean aurkitu gara, egin behar genuen bide horretan lur-jausi bat gertatu eta bidea itxi behar izan dutelako. Horren ordez, ondorengo beste hau prestatu dugu:
AZKOITIA – SAN MARTIN –TXALINTXO – LOIOLA – AZKOITIA (U-15) 12 KM ▲▲
Eguna: 2025eko maiatzaren 9an
Ordua: 08:25ean
Irteera: Autobus geltokian, UK01 autobusa
Distantzia: 12 km
Zailtasuna: ▲▲
AZALPENA
Autobusez helduko gara Azkoitira eta San Martin auzorantz hasiko gara ibiltzen. Han, Aterpe etxearen ondoko bidetik gora egingo dugu. Aurrera jarraitu eta bidegurutze batera iritsitakoan, negutegietara doan bidea ezkerretara utzi eta guk eskubikotik aurrera jarraituko dugu pixka batean. Gero, ezkerretara doan bidexka batera helduko gara eta xenda estu horretatik jarraituz Txalintxoko ttonttorra eta gurutzea aurrez aurre izango ditugu. Handik dagoen paisaia ikusi ondoren, joan garen xenda horretan atzera egingo dugu berriro bide nagusira arte. Behetik gora jarraitu, Muno Haundiko azpikaldetik pasa, eta Mendizabal baserrira iritsiko gara lehenbizi eta Larrume Txikira gero. Jeisten hasiko gara eta Sistiaga Errekatik zehar arrobi ondotik pasa eta Loiolara helduko gara. Han, zubia gurutzatu eta espaloitik joango gara Munategira arte. Biribilgunean, bestaldera egin eta Santakutz gainetik behera, Santa Klara kaletik zehar sartuko gara Azkoitko erdigunera.
GOMENDIOAK
Janzkeraren gomendioaz aparte, ibiltariok nork bere hamaiketakoa eta edaria eraman behar dugu, ibilbidean atseden laburra egingo baitugu gehienetan.