2025-11-21 08:00
ZURIAK eta BERDEAK
IRAETA - AIZARNAZABAL - OIKINA - ZUMAIA (U-13) 13 KM ▲▲▲
Eguna: 2025eko azaroaren 21ean
Ordua: 08:25ean
Irteera: Autobus geltokia, UK01 autobusa
Helmuga: Iraeta
Distantzia: 13 km
Zailtasuna: ▲▲▲
AZALPENA
Autobusez Iraetara iritsi ondoren, bertako plazatik ateratzen den futbol zelairako bidea hartuko dugu. Aurreraxeago joan eta ezkerretara doan bidetik ibaia zeharkatu eta Aizarnazabal dioen seinalea aurkituko dugu. Handik abiatu, bide bitxia bera,”artelanez betea”, aurrera egingo dugu. Industrialdea eskubira dugula eta seinale hori eta txuriei jarraituz helduko gara Aizarnazabal herriaren sarrerara. Iritsi bezain azkar, ezkerretara egingo dugu aurrena eta segidan aldapa utzi eta eskubiko bidetik joango gara. Pista bidea nahiko laua eta sagasti haundi eta ongi zainduak lehen, eta kiwi sail ederren ondotik igaroko gara. Bidezidor batzuetan gorabehera ibili eta desegin xamarreko porlan bide batetik aurreratuko dugu, eta barazki mintegi batzuen ondotik pasatuko gara. Ibañarrietatik datorren errepidera heldu eta bertatik jarraituz Oikian izango gara. Herrian itzuli bat eman eta seinaleek agintzen duen bidetik, ibaia gurutzatu eta ondoren aldapa piko eta luze xamar bati ekin beharko diogu, arik eta baserri batera heldu arte. Gero baserriaren ezkerretik doan bidea hartu eta beti goitik beherako bidea jarratuko dugu, Zumaiako Zuloagara iritsi arte.
GOMENDIOAK
Janzkeraren gomendioaz aparte, ibiltariok nork bere hamaiketakoa eta edaria eraman behar dugu, ibilbidean atseden laburra egingo baitugu gehienetan.
GORRIAK eta URDINAK
OIARTZUN (ITURRIOZ) - LUR GARDEN - OZENTZIO - OIARTZUN (B-20) 13 KM ▲▲▲
Eguna: 2025eko azaroaren 21ean
Ordua: 07:50an
Irteera: Gipuzkoa plaza, E02 autobusa
Helmuga: Iturriotz auzoa (Oiartzun)
Distantzia: 13 km
Zailtasuna: ▲▲▲
OHARRA: Ez da pintxorik izango, norberak eraman behar du hamaiketakoa.
AZALPENA
Autobusez helduko gara Oiartzungo Iturriotz auzora. Xuberoa jatetxe ondotik Santio seinaleak jarraituz emango diogu hasiera txangoari. Aurreraxeago bidegurutze baten Santio bidea utzi eta Lur-Garden jartzen duenetik joango gara. Dena den ez denbora luzez, berriro orain artekoa eskubira utzi eta ezkerrekotik behetik gora jarraituko dugu. Laster Sarobe errekaren ondoan seinale txuri eta horiak aurkituko ditugu eta beraiei jarraituz egingo dugu aurrera, erreka hori, batean eskubian eta bestean ezkerrean dugula, zubitxo politak gurutzatu. Lehenengo zatia asfaltozkoa bada ere, baso eder batean sartuko gara Hirubideta txabolara iritsi arte. Goia hartzen dugunean, marka txuri eta horiak utzi eta txuri eta gorriei jarraitu behar diegu. Baina ez denbora luzez, azken marka hauek, beste seinale txuri eta berdez ordezkatuak izango dira eta. Goitik behera, asfaltoan berriro, Sorondo baserria lehenik eta XIX. mendeko Ozentzio ermitaren ondotik igaro eta beheraxeago Garoñoko iturri eta askaren ondotik pasa eta laster amaituko dugu ibilbidea hasi dugun puntu berean.
GOMENDIOAK
Janzkeraren gomendioaz aparte, ibiltariok nork bere hamaiketakoa eta edaria eraman behar dugu, ibilbidean atseden laburra egingo baitugu gehienetan.